MB Bertso Bloga

otsaila 3, 2010

AGATE DEUNA

Filed under: General — EDURNE @ 09:49

Heldu zaigu, berriro ere, Agate Deuna eguna. Bezpera gauean, otsailaren 4an, Euskal Herrian oles egiteko ohitura izan dugu. Ohitura honek oraindik dirau bizirik toki askotan.
Agate Deunaren inguruan Euskal herrian ohitura desberdinak izan dira. Kanpai jotze luzeak izaten ziren eta, Bizkaiko zenbait ermitatan, erromeriak.
Beste toki batzuetan, egun horren goizaldean, baserrietako soro eta baratzetan, Kandelario egunean elizan bedeinkatutako kandelak pizten ziren.
Tradizioak zioen egun horretan ezin zela labako edo garbiketa lanik egin.
Gaur egun, berriz, toki gehienetan gorde izan den ohitura zera izan da, zuzendaria aukeraturik, makila bana eskuan hartuta eta lehengo janzkeraz, dirua edo janaria biltzen etxez etxe oles egiten ibiltzea.
Oles egiten den bitartean bertso eta kopla ugari erabiltzen dira. Hona hemen batzuk:

ZORION, ETXE HONTAKO DENOI!

Zorion etxe hontako denoi!
Oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz,
ezta ere oinetakoz.
Baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi degu gogoz.

Santa Ageda bezpera degu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratu deguna.
Santa maitea gaur hartu degu
gure bideko laguna.
Haren laguntzaz bete gentzake
egun hontako jarduna.

Blog at WordPress.com.