TXIRRITA
Jose Manuel Lujanbio Retegi “Txirrita” bertsolaria, 1860an Hernanin jaio eta Altzan hil zen 1936an.
Hernaniko Ereñozu auzoan jaio et
a oraindik umea zela Oreretako Txirrita baserrira aldatu zen; hortik hartu zuen ezizena. Bere azken urteetan Altzako Gazteluene baserrian bizi izan zen. Nahiz eta bere etxeko premua izan, baserritar bizimodua utzi eta hargintzan hasi zen. 14 urte zituenetik hasi zen bertsolari zaharragoekin herriz herri saioetara joaten.
Mingain zorrotz eta bizkorreko bertsolari gisa nabarmendu zen, eta haren ateraldi umoretsuak herriaren gogoan gorde dira. Gai sozialak lantzen diren bertsoetan garai hartako herri-klaseen pentsamolde eta sentimenen berri ematen da.
Antonio Zabalari kontatu ziotenez, Txirritagana jende asko joaten omen zen norbaiten kontrako bertso-paperak jar zitzan eskatzera. Desamodio kontuak eta mota guztietako arrazoiengatik sortutako ezin ikusiak ziren, besteak beste, bertso-sorta horietako gaiak. Enkargatutako gaiaren gainean bertso-sorta bat buruz konposatzen zuen Txirritak eta bere ilobak paperean jarri, gero inprentara eraman eta azoka egunetan saltzeko. Bertso asko galdu ez izana herriaren oroimenari eta Antonio Zabala bezalako bertso-paper biltzaileei zor diegu.
Eskola zaharreko bertsolari mutilzahar, parrandazale eta pikaroaren prototipoa bihurtu da Txirrita euskal iruditerian. Hargin ona izan arren, ez omen zitzaion lan egitea asko gustatzen eta ahal zuen guztietan jai hartzen omen zuen tabernan edanean eta jokoan aritzeko. Eskolarik gabea zen; inprentako hizkiak irakurtzeko gai bazen ere, ez zekien idazten eta bertsoak ilobari diktatzen zizkion.
1935ean lehen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako txapeldunorde izan zen, eta hurrengo urteko edizioan txapela eman zioten, bertsolariarentzako omenaldi gisa.
1936ko maiatza aldean Goizuetan izandako krisi baten ondorioz 1936ko ekainaren 3an hil zen Altzako Gazteluene baserrian.
Bilbon, Hernanin eta Altzako hiru kalek bere izena daramate. Oreretan bada Txirrita-Maleo izeneko industrialde bat: Bere izena Txirrita eta Maleo baserrien artean egoteagatik datorkio.
XEBASTIAN LIZASO
1958ko urtarrilaren 20an jaio zen, Azpeitian (Gipuzkoa). Gaur egun ere han bizi da. Inguru bertsozalean sortu zen, eta etxean ere txiki-txikitatik ezagutu zuen bertso giroa. Aita bertsolaria du (Joxe Lizaso), eta gurasoek eduki zuten tabernara bertsolari asko biltzen ziren.
Lagunartean egin zituen bertsotako lehen urratsak, eta gazte zela hasi zen plazarik plaza. 1982an, 24 urte zituela, Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken saiora iritsi zen, eta ordutik gaur egun arte, bertsogintzaren gailurrean ibili da, eta gaur egun ere hala dabil. 1986an Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuen, eta 1989an eta 1997an txapeldunorde izan zen; 1993an, berriz, hirugarren geratu zen. Gipuzkoako Txapelketan ere lortu izan du azken saiora iristea, 1991n hain zuzen. 
Lizasoren arrazoiketa-moldeak eta ahots indartsuak arrakasta eta estimu handiak ditu gaur egun. Belaunaldi berrietara eta bertsogintzaren eskakizun berrietara egokitzeko gaitasun handia erakutsi du, eta urtean saiorik gehien egiten duen bertsolarietako bat da.
Elkarrizketa: “Bertsolaritzari ordu asko eskaini behar zaizkio”
AITOR MENDILUZE

Aitor Mendiluze Gonzalez (Andoain, Gipuzkoa, 1975eko azaroaren 25) bertsolaria da. Bitan irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, 1995 eta 2007an hain zuzen.
Ingeniaritza ikasketak egiten aritua da eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko langilea izan da, herrialdeko koordinatzaile eta eragile gisa.
Euskal prentsan kolaborazio batzuk egin izan ditu. Horrez gain, zenbait musika talderentzat letrak egin izan ditu. Eskolan izan zuen lehen harremana bertsoekin, gazte-gaztea zela. Gero, Hernaniko Bertso eskolan hasi zen, eta Andoaingoan ere bai aurrerago. 1995ean, 20 urterekin, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen. Hortik aurrera, goi mailako bertsogintzan leku egiten hasi zen, eta geroztik bertsogintza izan du jardun nagusietakoa, eta gaur egun ere hala du. 2001 eta 2005eko Txapelketa Nagusietan azken saiora iritsi zen, eta 2003ko Gipuzkoako Txapelketan ere bai. Bertsolari ez ezik, bertso-eskolako irakasle lanean ere ibili da.
LAZKAO-TXIKI
Joxe Migel Iztueta Kortajarena, Lazkao Txiki izango zena Lazkao herrian, Lazkaomendi auzoa
n, Abaliñe baserrian jaio zen 1926ko irailaren 15ean. Bere gurasoak Felipe eta Maria Inazia izan ziren. Zazpi senideetatik bera azken aurrekoa izan zen.

EZAUGARRIAK
Zortzi urterekin hasten da eskolan, Lazkaomendin bertan, ikasketa guztiak euskaraz eginez. Aurrerago Lazkaoko eskolara joaten hasi zen, baina han erdara zen nagusi.
San Prudentzio baselizaren aurrean hartu zuen parte lehenengo aldiz jendaurreko saio baten 1943an, Saiburu eta Basarri zituela bertso lagun.
1947an, Afrikara joan zen soldadu.
LANA
17 urterekin igeltserotzan hasten da lanean Lazkaon.
1958an hasita 18 urte eman zituen lantegi desberdinetan lanean, bai Lazkaon, bai Iruñan.
Ondoren, Zaldibiako Gurutzeta baserria erosten dute Sebastián Sarasolak eta Lazkao Txikik eta txerri eta ganadua hazten hasten dira.
1986an ordea, Gurutzeta baserriaren jabe bakarra bihurtzen da.

BERTSOLARI BIZIA
Gipuzkoako bertsolari txapelketan txapeldun izan zen 1964an eta hurrengo urtean berriz, bigarren geratu zen Uztapideren atzetik.
1976an, omenaldi bero bat eskaini zitzaion Donostian eta 1993ko urtarrilean kantatu zuen azken bertsoa. Basarri, Zepai, Uztapide, Mitxelena, Xalbador, Amuriza, Mattin eta beste hainbesterekin kantatu zuen. Mattinekin bikotea osatuz gatza eta piperra jarri zien bertso saioei.

HERIOTZA
Donostiako poliklinikan ebakuntza bat egin behar zioten eta han anestesistari esan zion:- ZUK JARRIKO NAUZU LOTAN BAINA ESNATZEKO NORK JARRIKO DIT DESPERTADOREA? -eta horiek izan ziren Joxe Migel Iztueta Kortajarenaren azken hitzak ebakuntza horretatik ez baitzen inoiz esnatu.

